Amara Berriko Aztarna Ekologiko osoa aztertzeko bost azpi-aztarna hartu dituzte kontuan: energia, material didaktikoa, hondakinak, elikadura eta garraioa.
Proiektuan zortzi unibertsitate-ikaslek hartu dute parte, tutoreen koordinaziopean, eta bost azpi-aztarnak aztertzeko partaideak binaka aritu dira lanean.
Metodologia parte-hartzailea erabili dute, irakaskuntza ez-formala bultzatuz. Arloak gutxi gorabehera aztertu dira, zehaztasun zientifikoa ez da helburu izan. Talde-lana eta behatzeko gaitasuna sustatu dira.
Lana lau fasetan eraman dute aurrera. Lehenengoan ikasleek aztarna ekologikoaren kontzeptuaren eta azterketa-metodoaren berri jaso zuten, eta bigarren fasea prestatzen hasi ziren. Horrela, behatu beharreko puntuak eta azpi-aztarnen azterketarako datuak zehaztu zituzten.
Bigarren fasean, datuak bildu zituzten azterketa-eremuan, ikastetxeko mantenu-arduradunak gidatutako bisitaldia eginaz. Ondoren, hirugarren faseari ekin zioten, azpi-aztarna bakoitzaren inguruko emaitzak, kalkuluak, ondorioak eta iradokizunak txostenean bildu eta power pointa erabiliz aurkeztu zituzten.
Binaka egindako lana bukatzeko tutoreek beharrezko zuzenketak egin zituzten, eta gero talde osoa bildu zen, bateratze-lana burutu eta aurkezpena eta amaierako dokumentua prestatzeko.
Azkenik, asteburuko jardunaldia antolatu zuten emaitzak alderatzeko. Eztabaida egin eta ondorio bateratuak adostu zituzten bi taldeek.