Eusko Ikaskuntzaren XVII. Kongresuaren itxiera ekitaldian ondorio nagusien lehenengo hurbilketa bat egitea zen xede nagusi. Hala ere, hori baino lehen Eusko Ikaskuntzako Gazteria Departamentuak urtero antolatzen duen Ei Gazte! sariaren irabazleek merezi zuten errekonozimendua jaso zuten.
Eusko Ikaskuntzako lehendakaria den Jose Mari Muñoaren eskutik banan banan ordain saria jaso zuten. Lehenengo eta behin komunikazioaren kategorian Deustuko Maria Jesús Cavaren ikasleek 1.000 eurotako saria jaso zuten “Una ventana al pasado Memoria social y vida cotidiana” lanarengatik. Ondoren Jezabel Lucasen txanda izan zen bizkaitar honek diseinaturiko posterrarengatik beste 1.000 euro jaso zituen. Era berean, kongresuak iraun zuen bitartean bere posterra ikusgai egon zen Gasteizko Europa Jauregian. Azkenik Izai Bujanda nafarrak jaso zuen Ikus Entzunezkoen kategorian bere saria. Izaik beste adiskide batzuekin eginiko ikus entzunezkoak, izenbururik ez bazuen ere, egungo gizarte garaikidean pertsona askok jasaten dituzten injustizia eta eskubide zapalkuntza denuntziatu nahi zuen. Zorionak denoi!