Zer dela eta animatu zineten lehiaketa honetan parte hartzera?
María Jesús Cava irakasleari esker. Hark eman zigun lehiaketaren berri eta ikasle guztiok animatu gintuen ekitaldian parte hartzera. Baina, baita nire lagun Leticiari esker ere, bera tematu zelako parte hartu baikenuen.
Gazte Forotik zerk erakarri du gehien zuen arreta? Zer da positiboena?
Horrelako lanak aurkezteko aukerak. Esaterako, Eusko Ikaskuntzaren Kongresuak guk eginiko lana aintzat hartzeak. Izan ere, gure lanak egiteko eta aurkezteko aukera izatea, unibertsitatean jaso dezakegun aitorpena baino askoz garrantzitsuagoa da.
Lan hori egiteko pertsona helduak elkarrizketatu dituzue. Zer moduzko esperientzia izan da? Zenbat pertsona elkarrizketatu dituzue?
Bai, eskakizunetako bat pertsonak elkarrizketatzea zen, informazioa jasotzeko. Horrela erabaki genuen lana antolatzeko orduan. Hainbat adinetako, eskualde eta probintziatako 28 pertsona inguru elkarrizketatu genituen. Hori dela eta, jasotako informazio nahiko osoa izan da eta esperientzia atsegina izan dela onartu behar dut. Elkarrizketak hasterakoan oso urduri jartzen nintzen eta beldur apur bat izaten nuen, baina berehala lasaitzen nintzen, beren istorioak kontatuz nire galderak ilusio handiz erantzuten zituztenean. Garai hartan nola ligatzen zuten galdetzen genien momentua zen gogokoen nuena. Denek irribarre egiten zuten lotsati eta gorritu egiten ziren erantzuterakoan.