Hemen zaude: >> Gazte sortzaileak >> 2009 >> Irabazlea Dokumentala eta Fikzioa







Irabazlea Dokumentala eta Fikzioa

Izai Bujanda: "Kalean interpretatu eta grabatu genituen eszenak, bertan zebiltzanak eszenen konplize bihurtzeko asmoz"

Gaur egungo gizartean ematen diren hainbat injustizia salatu nahi izan dituzue ikus entzunezko honen bidez. Zergatik aukeratu duzue gai hau?

Gure laburmetraian gaur egun ematen diren injustiziak salatu nahi izan ditugu, hala nola esplotazio sexuala, tratu txarrak edo pobrezia. Uste dugu injustizia hauek guztion arazo direla eta denok lagundu dezakegula konponbidean. Horregatik kalean egin genuen, ahalik eta pertsona gehiagori helarazi nahi geniolako mezua.

Gizartean ematen diren hainbat egoera plazaratzeko bide egokia al da ikus entzunezkoena? Zer abantaila eta desabantaila ditu beste kanal batzuekin alderatuz? (Literatura, teknologia berriak...)

Ikus entzunezkoa bide ona izan daiteke salaketa bat egiteko, baina hain ohituak gaude telebistan edo zineman egoera larriak ikustera, ezen zaila bihurtzen baita hartzaileari zerbait sentiaraztea edo hunkitzen saiatzea. Horregatik kale antzerkian pentsatu genuen.

Bideoa gainera kalean grabatu duzue ez? Kale antzerkiaren bidez? Nola izan zen prozesua?

Kalean interpretatu eta grabatu genituen eszenak, gure asmoa han zeudenak eszenen konplize egitea baitzen, injustiziak aurrez aurre ikusiz. Ohituak gaude telebistan izugarrizko sarraskiak ikustera, baina pantaila baten atzean, urrun. Kale antzerkiarekin lortu nahi genuena injustizia horiek bat-batean jendartera hurbiltzea zen, abisurik gabe.

Ba al zenuten esperientziarik aurretik beste ikus entzunezkorik egiten?

Ez, egin dugun lehena eta bakarra da. Ikus daitekeen moduan, baliabide teknologikoen aldetik oso pobrea da, argazki kamerekin grabatu baigenuen.

Beste dokumental edota ikus entzunezkorik egiteko asmorik ba al duzue?

Oraingoz ideia batzuk ditugu buruan, baina oraindik ezer seriorik ez.

ARGAZKI GALERIA

Pribatasun politika | Legal oharrak | EIri buruz | eigazte.com © Eusko Ikaskuntza, 2008