
Ordainsaria: 1.500 euro eta errekonozimendu publiko bat, beti ere, gazteriak euskal gizartean izan behar duen lekuaren eta garrantziaren adierazle.
"Komikietako bunbuilo desberdinekin iritzi aniztasuna eta horiek espresatzeko modu ezberdinak adierazi nahi nituen"
Zuriñe VELEZ DE MENDIZABAL
Eusko Ikaskuntzako Gazteria Sailak logotipo lehiaketa antolatu zuen eta Izaskun Saez Velasco bizkaitarraren lana izango da aurrerantzean Ei Gazte! Saileko irudia. Sari banaketa ekainaren 26an izan zen Donostiako Doka Kafe Antzokian eta mahai batetan aurkitu genuen lagun batekin. Irribarretsu hartu gintuen eta tartetxo bat eskaini zigun ekitaldia hasteko minutu gutxi geratzen zirenean.
Arte Ederrak ikasi ditu 26 urteko neska honek eta modulu bat amaitzear dago. Ez da bere txikitako afizioa, dioenez, hogei urte zituela karreran hasi eta guztiz
Hasteko, zorionak. Baina konta iezaguzu, nor dugu Izaskun?
Eskerrik asko! Beno, Arte Ederretan lizentziatutako 26 urteko neska bizkaitarra naiz eta Arte Grafikoko modulu bat amaitzen dihardut. Ikusten duzuen bezala, diseinu grafikoaren zale amorratua naiz; horrexegatik eman nuen izena lehiaketan.
Nola animatu zinen Ei Gazte!rako logotipoa egitera?
Horrelako deialdi bat dagoela dakidanean motibatuta egon behar dut, bai gaiari dagokionez, baita sariari dagokionez ere. Lan handia eskatzen duen prozesua da logotipo bat sortzearena eta kasu honetan sari bikaina ematen zutenez eta gazteei zuzendutako zerbait zenez, oso interesgarria iruditu zitzaidan.
Eta zertan inspiratu zara irudi hau sortzeko?
Deialdiaren oinarrietan logotipoan, besteak beste iritzi desberdineko elkarrizketak nabarmentzea eskatzen zen eta buruari buelta batzuk eman ondoren, gazte sinbolo gisa komikietako bunbuiloa jar nezakeela iruditu zitzaidan. Eta noski, bunbuilo desberdinekin iritzi aniztasuna eta horiek espresatzeko modu desberdinak adierazi nahi nituen; denak bakar batean biltzen dira azkenean.
Zure lana aukeratzeak harritu al zintuen?
Lan bat aurkezten dudan bakoitzean nolabaiteko segurtasun batekin egiten dut, bestela ez baita logikoa parte hartzea. Gainera, esan behar dut oso gustura geratu nintzela emaitzarekin eta deitu nindutenean harritu nintzen, beti gertatzen zaidalako; baina irabazi nezakeela pentsatzen nuen eta konfidantza osoa nuen nire lanean.
Eusko Ikaskuntza aurretik ezagutzen zenuen, bazkide zara eta. Zer iruditzen zaizu Ei Gazte!ren sorkuntza?
Ideia oso ona dela uste dut. Eusko Ikaskuntza aipatzean zahar irudia etortzen zaio jendeari burura. Nik uste egin beharreko zerbait zela. Izan ere, gazteok ez ditugu toki asko beka, formazio, berbaldi eta abarrei buruz informatzeko. Oso ongi dago.