Parte Hartuz
Ondorioak
Parte hartze prozesu batek beharko lituzkeen ezaugarriak
Gazteek jardunaldiaren lehen zatian botatako ideia eta iritzi guztiekin, bigarren partean erreflexio eta hausnarketa epe bati ekin zitzaion. Ideia guztien bateratzea eta hausnarketa nagusiak jasota eta Eusko Ikaskuntzan burutu dugun erreflexio baten ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak gazteekin parte hartze prozesu praktiko bat irekitzekotan oinarri hauekin egin dezakeela uste dugu (gazteek ere, parte hartzeko mekanismoak martxan jartzea eskatu dutelako).
Prozesu honi ekin baino lehen ordea, Gipuzkoako Foru Aldundiak parte hartzaile guztiei jardunaldi hauen ondorioen igorketa egin beharko lieke, hau da, jardunaldi honetan denbora dedikatu duen jendeari erantzuna eman beharko litzaioke, egin duten esfortzua eskertuz eta aldi berean, euren aportazioek garrantzia dutela ohartaraziz.
Esan bezala, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak prozesu parte hartzaile bat irekitzea erabakiz gero, ondorengo ezaugarriak eta baldintzak izan beharko lituzke:
- Gazteen interesekoa izan daitekeen gai konkretu bat aukeratu (gai interesgarriak detektatu). Ez dadila zabalegia izan eta ahalik eta modu konkretuenean definitua egon behar du.
- Lan eremu geografikoa: Udal herri bat edota eskualde bat izatea gomendatzen da.Jendearen gertutasunak eta ezagutzeak prozesua erraztu dezake. Gazteek desberdin baloratzen dituzte herri mailako politikak eta gainerakoak. Gazteen artean udal politikarien irudia hobea da eta gertuago sentitzen dituzte. Hobe baloratzen dituzte.
- Prozesu parte hartzaile horretan gai konkretu horren inguruan lanean arituko den taldea bezala bideratua egon beharko litzateke lan taldea, eta inolaz ere ez, partidu polítiko batetako ideología edota ideietara lotua. Jardunaldian eta ikerketan azaldu zen bezala, gazteek ez dute interesik “alderdi=politika” ekuazioan, baina bai arazo politikoetan (etxebitzitza, emakumeen egoera, lan-merkatua...)
- Gazteak erakartzeko bide egokiak erabili behar dira eta pertsona bakoitzarekin modu indibidualean harremanak asko landu behar dira. Alde batetik, parte hartzeak erakargarria izan behar du estetika berriak landuz eta horretarako komunikabide eta teknologia berrien erabilpena oso aproposa izan daiteke. Era berean, eta paraleloki ordea, banan banako harremana landu behar da izan ere, giza harremanen bidez lortzen baita atxikimendua. Gazteekin lan egiteak “gainean egotea” eskatzen du eta horretarako banan banako harremana asko zaintzea garrantzitsua da.
- Adierazi den bezala, gazteen konpromisoa lortzea ez da erraza izaten (gaur egungo gizartean ezta helduena ere), horregatik, prozesuak hasieratik gardena izan beharko luke (helburuak, egutegia, gazteengandik espero dena, bilera datak...) eta ez litzateke inprobisatu behar: Erakunde publiko eta gazteen artean harremana onuratsua izan dadin, instrumentu egokiak, bitartekariak eta kanal egokiak ahalbidetu behar dira. Parte hartzaileei prozesuaren iraupena eta eskatzen duen konpromiso maila aldez aurretik argi azaldu behar zaie, jakinaren gainean ardura har dezaten edo ez.
- Parte hartzeak eraginkorra izan behar du (ez soilik maila kontsultiboan) eta euren aportazioek izango duten eragina hasieratik ezagutu behar dute. Horrek hurrengoan ere parte hartzera bultza ditzake. Prozesu parte hartzailearekin erakundeek hartzen 14 duten konpromiso mailak argia izan behar du, hau da, erakundeak prozesu parte hartzaile horretatik jasotzen dituen ondorioekin zer egingo duen eta zergatik azaldu behar die.
- Prozesuaren sinesgarritasun maila parte hartzaileen ondorioek eta prozesuak berak izan duen erabilpen hautemangarriaren eraginpean dago. Horretarako prozesuak bi itzultze momentu izan beharko lituzke:
Lehenengo itzultze epea: Parte hartzaileei aditu ditugula eta jasotako informazioarekin lan egin dela jakinarazi behar zaie. Ondorio dokumentu bat egin behar da.
Bigarren itzulpen momentua: Parte hartzaileek ez dute aditu zaiela bakarrik entzun nahi ordea, azken erabakia hartzean euren iritzi eta ikuspuntuek duten eragina jakin nahi izaten dute. Horregatik, inpaktuen dokumentu bat egitea gomendatzen da.
- Gai eta erabiltzen den prozeduraren arabera, eta beharrezkoa bada, hezkuntza eta formazioa ahalbidetu beharko litzaieke prozesu honetan parte hartzen duten pertsonei, hau da, gazte parte hartzaileei, baita politikariei ere.
- Prozesu honi buruz komunikabideek ematen duten informazioa eta irudia asko zaindu beharko litzateke, izan ere, gaur egun gizartean gazteen inguruan den irudia nahiko negatiboa da eta aldatzea komenigarria litzateke eta gazteriaren irudi positiboa bultzatu beharko litzateke.
Prozesu honen bidez Gipuzkoako Foru Aldundiak jardunaldian zehar baloratu eta bota ziren ideia nagusi eta baldintza ugari bermatuko lituzke (koherentziaren mantentzea). Hau da, jardunaldiaren plenarian hausnarketa eta eztabaida irekian gazteek izaera parte hartzailea duen gizarte baterantz bidea jorratzeko eman beharko liratekeen baldintza eta ezaugarri batzuk aipatu zituzten. Prozesu honen bidez hauetako ugari bermatu eta bultzatzen direla uste du Eusko Ikaskuntzak. Besteak beste:
- Jardunaldiak zertarako planteatzen diren galdetu zutenei, erantzun bat ematen zaie, hau da, parte-hartze prozesu bat abian jartzeko beharrezko aurrekari moduan.
- Politikariek alderdietatik haratago dagoen politika egiteko gai direla erakutsiko lukete. Era berean, politikariek parte-hartzean benetako interesa dutela erakutsiko lukete. Politikarien irudia hobetzeko urrats bat izan daiteke eta oro har, politikak sortzen duen asperduraren aurrean beste jarrera eta ideiak bultzatu daitezke.
- Parte hartzea bultzatzen duten balioak zabaldu (elkartasuna, hiritargoaren zentzua...).
- Politikarien benetako gerturatzea bultzatuko lukete, gazteek behin eta berriz errepikatu duten ideia.
- Heziketa/ eredu politikoa hobetzeko urrats txiki batzuk ematen hasi. Hala, gazteen eta oro har, herritarren espiritu kritikoa eta eraikitzailea bultzatuko litzateke.
- Haur eta gazteei bai familian, baita eskoletan ere, gizarte-kolektibo batean bizi direla erakutsi beharko genieke. Heziketa bidez, mentalitate aldaketa bultzatu, gizarte gaietan parte hartzera bultzatuz.
ARGAZKI GALERIA