Iragan den azaroaren 12an Donostiako Kursaal Elkargunean Eusko Ikaskuntzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkar lankidetzan antolatutako Parte hartuz erabakitzen duzu jardunaldia ospatu zen.
Bertan 80 gazte inguru bildu ginen, gizarte gipuzkoarrean gure parte hartzea nolakoa izan nahi zuen adierazteko xedez. Helburu orokorra bezala, egungo eta datozen erronkei aurre egiteko behar dugun gizarte-antolaketa berri baten proposamena bilatzeko lehen urrats bat ematea genuen eta politikarien eta gazteen artean hausnarketa esparru konpartituak zabaltzeko lehen hausnarketa prozesu bat abian jartzea.

Egun osoa eman genuen bertan eta esperientzia oso aberasgarria suertatu zen. 18 eta 30 urte arteko gazteez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko hainbat ordezkari izan ziren gurekin hizketan eta era berean Aztikerrek egindako “Gipuzkoako Gazteak eta Politika 2009” ikerketaren datuak ezagutu ahal izan genituen.
Eusko Ikaskuntzak jardunaldi honetan landu ziren ideia eta lan lerro nagusiak biltzen ditugu ondorengo dokumentuan.