
2008ko abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna
Ei Gazte!-k komiki bat sortu du Euskararen Nazioarteko Eguna gaitzat hartuta eta lehiaketa baten bidez, zuk zeuk istorioaren bertsio propio bat asma dezazun proposatzen dizu. Epaimahai batek komikirik egokiena aukeratuko du jasotakoen artean eta irabazleak 500€-tako saria jasoko du. Anima zaitez eta parte hartu!
ENE, Euskararen Nazioarteko Eguna, Eusko Ikaskuntzak 1949an sortutako ekimen bat da eta euskararen unibertsaltasuna aldarrikatzen du.
Horren egun garrantzitsurako, Eusko Ikaskuntzak hainbat jarduera jarri ditu martxan:
Eusko Ikaskuntzak ENE SARIAren hirugarren edizioa deitu du. Saria euskararen sustapenean gehien nabarmendu den Euskal Herriaz kanpoko erakundeari ematen zaio. Hautagaientzako deialdia azaroaren 27an ixten da. Informazio gehiago
Era berean, Abenduaren 3an, euskararen egungo egoerari buruzko liburua aurkeztuko da Stanfordeko Unibertsitatean (Ameriketako Estatu Batuetan). Eusko Ikaskuntzak argitaratutako eta Gloria Totoricagüenak koordinatutako azterlan honetan, euskara egun zertan den azaltzen dute aditu euskaldunek eta kanpotarrek.