Hemen zaude: >> Tailerrak >> Aztarna Ekologikoa







Tailerrak

Aztarna Ekologikoa

Aztarna ekologikoa ingurumen-adierazle integratzailea da, eta giza komunitate baten bizimoduak, hau da, herrialde, erregio edota hiri batenak, ingurunean duen eragina neurtzen du. Horretarako, komunitatearen produkzio eta kontsumo ereduari eusteko beharrezkoak diren baliabideak eta ondorioz sortzen diren hondakinak hartzen ditu kontuan. 1996. urtean plazaratu zuten definizioa William Reesek eta Mathis Wackernagelek Britainiar Columbiako Unibertsitateko School for Community & Regional Planning erakundean (Komunitate eta Erregio Planifikaziorako Eskolan).

Urtebetean komunitate jakin batek kontsumitzen dituen baliabideak ekoizteko eta sortzen dituen hondakinak hartzeko behar den lur- eta itsaso-azalera da Aztarna Ekologikoa, betiere biologikoki produktiboak diren azalerak kontuan hartuta. Beraz, gure gizartearen kontsumo-ohiturekin eta garapen-ereduarekin lotura zuzena du. Eragina zenbat eta handiagoa izan, orduan eta esanguratsuagoa izango da aztarna ekologikoa. Gainera, etxebizitzak, errepideak eta azpiegiturak eraikitzeko beharrezkoa den espazioa ere hartzen du kontuan.

Herrialdeen edo erregioen artean baliabide naturalen kontsumo mailak alderatzeko erabili ohi da. Hektarea Globala da unitatea, biologikoki produktiboa den Hektarea, eta batez besteko munduko produktibitatea hartzen du kontuan. Planetan, biologikoki produktiboa den azalerak 11.300 milioi hektarea hartzen ditu. Horrenbestez, Hektarea Globaletan adierazita, oso produktiboa den lur hektarea batek produktibitate gutxiko beste batek baino balio handiagoa izango du.

Proiektuak kontzientziazioa eta partaidetza sustatzea du helburu, garapen iraunkorra lortzeko bidean gazteak eragile aktibo izan daitezen. Beraz, azterlana ez da zehatza, ez eta zientifikoa ere, behaketa eta oinarrizko kalkuluak hartu dira kontuan.

Bi ikastetxeren aztarna ekologikoa aztertu da proiektuan, Sopelakoa (Bizkaia) bata eta Donostiakoa (Gipuzkoa) bestea. Datuak alderatu eta kontsumoaren eta sortutako hondakinen inguruan kritika eraikitzailea egitea izan da azterlanaren xedea.


Aztarna ekologikoa kalkulatzeko oinarrizko bost suposizio erabiltzen dira (Wackernagel et. al 2002): Laborantza-azalera, larrea, basoa, itsasoa, eraikitako azalera eta CO2 asimilatzeko azalera.

Gure kasuan suposiziook ez dira betetzen, eta beraz, aztarna ekologikoa gutxietsiko dugu kalkulua horien arabera eginez gero. Horregatik, suposizioon ordez bost azpi-aztarna erabiltzea erabaki zen, azterketaren eremuari begira egokiagoak direlakoan: hondakinak, energia, material didaktikoa, garraioa eta elikadura. Gainera, aztarna ekologikoak berez ez ditu kontuan hartzen kontsumitzen ditugun baliabide guztiak, ez eta sortzen ditugun hondakin guztiak ere, eta ondorioz, azpitik kalkulatu ohi da gizakiak Naturarengan duen eragina.

Jakina denez, munduko biztanleria 6.150 milioi lagunekoa da, eta hortik abiatuta planetaren karga-ahalmena kalkula dezakegu. Baliabideak berdintasunez banatuta daudela jotzen badugu, biztanle bakoitzak 1,8 ha izango ditu bere beharrak asetzeko.

Nazio Batuen “Gure etorkizun komuna” txostenak nazioarteko komunitateari gomendatzen dioenez, biologikoki produktiboa den azaleraren % 12 gorde beharko litzateke biodibertsitatea zaintzeko. Ondorioz, lehen aipatutako bizilagun bakoitzaren azalera 1,8tik 1,6 hektareara murrizten da. Horrela, gizakiaren azalera-eskaria Lurra planetaren azalera-eskaintzarekin alderatzeko modukoa da.
ARGAZKI GALERIA

Pribatasun politika | Legal oharrak | EIri buruz | eigazte.com © Eusko Ikaskuntza, 2008